Ohiko supermerkatuetan ezin aurki daitezkeen dozenaka gazta ditu Larraitz Gazta-Tekak. Mundu osotik heldutakoak saltzen ditu, harrera ona izan du egitasmoak: «Jendeak gauza berriak probatu nahi ditu».
Zorionekoak gazta zaleak. Produktu horretan espezializatutako Larraitz Gazta-Teka dendak sei hilabete bete ditu jada, txoko bat egin du herriko merkataritzan. Larraitz Anguitak proiektu honetan murgiltzeko apustua egin du, «gaztaren mundu erraldoi» honekin maitemindu baitzen, baita haren senideak ere. «Artisau gaztak herrira ekarri nahi izan genituen, ohiko gazta eskaintza horri alternatiba osasuntsu eta kalitatezkoa emateko»; hala hasi zirela kontatu du.
Larraitz Gazta-Tekaren aukera oso zabala da, sekula usain eta dastatu gabeko gazta mordoa ditu bertan. Bertako artisauez gain, estatu osoko eta Europako hainbat herrialdeetakoak ekarri ditu herrira. «Supermerkatu eta janari dendetan ezin aurki daitezkeen gaztak ditugu, oso bereziak».
Denda bera bezalaxe, gaztak ere mimoz aukeratzen ditu Anguitak. Etxera iritsi bezain laster egoki mantentzeko kamera handi batean egiten dute lo gaztek. Mostradore ikusgarri batek biribiltzen du denda. Bertan, Anguitaren ahotan, «azken bi urteetan munduko gaztarik onenaren saria irabazi dutenak» aurki daitezke, beste askoren artean. 40tik gorakoa da dituen gazten kopurua, gutxi gorabehera.
Ekoizleekin zuzeneko harremana du Anguitak, funtsezko lana egiten baitute haren ustez. «Artisauei eta landa eremuko baserritarrei indarra eman behar zaiela uste dut, horregatik ere egin dugu produktu hauek saltzeko apustua. Artisauei ez baitzaie merezitako balioa ematen maiz, eta niretzako gaztagileen lana oso garrantzitsua da, berezia».
Ateak zabaldu zituenetik herrikideen erantzuna oso ona izan dela aitortu du, dagoeneko ohiko bezero ugari ditu gaztaren museo honek. «Jendeak gauza berriak probatu nahi ditu, jende asko erakarri dugu, sekula dastatu gabeko gazta asko ditugulako». Gazta-sorta erakusten ari den bitartean, bezero batek, kaletik, honakoa bota dio Anguitari: «Atzoko hori oso ona, e!».
Opari aproposa
Gazta produktu nagusia bada ere, gutiziaz betetako denda du Anguitak. Olioa, eztia, marmelada, patea, pastak… Eguberrietarako hamaika aukera ematen dituela gaineratu du errenteriarrak, «saski ederrak» ditu esku artean. «Oraindik gauza gehiago ekartzeko asmoa dugu».